«Bi pasioak juntatu ditut: surfa eta filma»

‘Bizi Belharra’ filma atera berri du Pierre Lapeyrade lapurtar gazteak. Kausitu du urtean bizpahirutan gertatzen den fenomenoa gatibatzea: betaurrekoei esker, 360 graduan bizi daiteke uhin erraldoia.

realitatea birtuala bilakatzean datza Pierre Lapeyraden (Miarritze, Lapurdi, 1991) lana, eta birtuala errealitate egitean. Film egilea errealitatean berean egoten da, eta gatibatzen duen errealitate hori bera sekula bizi izanen ez dutenei biziaraztea du xedea. Horregatik egin berri du Bizi Belharra filma.

Surflaria film egile, ala film egilea surflari?

Gure enpresan [Space in vr] hiru adar ditugu: eskaerei erantzutea errealitate birtualean espezializatuz, guhauren filmak guk nahi gaien gainean egitea, edo oraintxe garatzen ari garena: adinekoei edota patologiaren bat sufritzen dutenei begira. Film honetan ene bi pasioak juntatu ditut: filma eta surfa.

Zer helburuk altxatu du filma?

Lehen xedea zen bi pasioen lotzea, eta, bigarrenik, jendeei biziaraztea sekula bizi ezingo dutena. Hori bai, ez du balio dena errealitate birtualean jartzeak: ez du interesik, adibidez, baratzeaz egitea.

Ezintasunen bat dutenei bereziki zuzendu diozu?

Ez, ahal bezainbat lagunei dedikatu nahi izan diet: bai surflariei bai surfaz deus ez dakitenei; jakin dezan zer den uhin horren hartzea, non den, nolakoa den, zer den besoaren indarrez edo itsas motoz joatea, zer arrisku hartzen den…

Zer da, xuxen, Belharra?

Erlaitzetik 2,5 kilometrora den urpeko arrokazko mendiak dio ematen izena, zeinak uhinak hautsarazten baititu. Funtsean, uhinak erregularki hausten diren tokia da. Berezi egiten duena da itsasoaren erdian dela, eta itsasoaren indarra sekulakoa da! Besoen indarrez harat heltzeko oren bat beharko zenuke. Belharra mistikoa da, arraroa, bakanetan gertatzen baita. Alta, gertatzen delarik, izugarria da, naturaren indarraren adibide garbia da, errepresentazio harrigarria da.

Zerk du Belharra eragiten?

Atlantikoaren iparrean depresio handi bat baldin bada, horrek galerna sortzen du, eta horrek itsasoa mugiarazten eta uhinak serieka igortzen, milaka kilometro zeharkaturik. Kostarat heldu direlarik da hori gertatzen baldintza berezietan.

Zein dira baldintza berezi horiek?

Belharra izateko hiru baldintza halabeharrezkoak dira: uhinaren sagailoak gutienez lau metrokoa behar du; koefizienteak aski handia, hots, marea zenbatez handitzen eta apaltzen den; eta, uhinen arteko periodoak ere handia behar du, erran nahi baita, uhinen arteko denbora tartea gero eta luzeagoa, orduan eta uhin handiagoak osatuko dira.

Eta, zure grabaketarako portatu dira?

Badirudi 2015az geroztik ez zela halakorik gertatu! Erabat! Hirurak bete ziren behar bezala; horrez gain, haizerik ez egon izanak sortu ditu hain uhin politak. Baldintzak bikainak ziren. Ttipitan, Erlaitzetik ikusten nuen, eta betidanik amestu izan dut uhin horren parean izatearekin.

Nolakoa da parean izatea?

Izugarria! Itsasoa bare-bare da, harik eta hogei minutu guziez guti goiti-beheiti lau uhineko seriea pasatzen den arte. Orotarat, hamabortz bat serie izan ziren; lau bat orenez egon ginen grabatzen. Uhinik tipienak 7-8 metrokoak izaten dira. Urtean bizpahiru aldiz gertatzen da. Pasatzen delarik, ez da hutsik egin behar.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude