Beste olatu bat, itsasoari begira

Boardriders Quiksilver enpresak bederatzi hektareako lur eremua hartu, eta Surf Park bat egin nahi du Donibane Lohizuneko Jaldai eremuan (Lapurdi), olatu artifizialak egiteko.

Toki batzuetan, Mutrikun (Gipuzkoa), adibidez, uhinak baliatzen dituzte energia sortzeko, baina hemen, arrunt kontrakoa… Donibanen energia xahutuko da uhinak sortzeko!». Ironia puntu batekin baina haserre, horrela aipatu du Peio Etxeberri Aintziart Herri Berri taldeko bozeramaileak Donibane Lohizunen (Lapurdi) egin gogo duten Surf Park proiektua.

Surf Park hori itsasertzetik 1,5 kilometrora egin beharra du Boardriders enpresak —garaian Quicksilver izena zuen—, eta Donibane Lohizuneko herriko etxearen sostenguarekin egitekoa du. Izan ere, joan den otsailean aldatu zuten Tokiko Urbanizazio Plana, eta horrek ahalbidetu du horrelako aldaketa. Praktikoki zer emanen duen: elkarren ondoan baturik hamar errugbi zelaien eremua duen parke bat, zeinetan bezeroak uhin artifizialetan surf egin ahalko baitute.

Quiksilverren eraikinaren gibelean den mendixka batean egin nahi dute Surf Parkea. Ondoan, hotel handi bat eginen lukete; 75 eta 100 ganbera artean lituzke, baita bulegoak eta saltokiak ere. Hori guztia, parte batez laborantzako lurretan eta gune naturaletan; zati bat Boardridersena da, bestea herriko etxearena.

Herri Berri herriko etxeko oposizioko zerrenda da. Badira bi hilabete proiektu horren kontrako borroka hasia dutela. «[Herriko etxean], proiektua aipatzean, ez zuten datarik ematen, ez zuten erraten konkretua izanen zela, lainotsua zen». Eta proiektu horren sorrera honela azaldu du Etxeberri Aintziartek: «Zaila da jakitea, baina xerkatuz pixka bat, aski fite ulertu dugu nondik etorri den. 2014an, Peyuco Duhartek bere burua aurkeztu duelarik [auzapez izateko], Manuel Delara sartu du bere taldean. Eskuineko gizona da, komunikazioan ibili dena. Berak baditu loturak Boardriders Quiksilver enpresarekin, eta helburua dute Donibane Lohizune bilakatzea munduko lerra kirol guztien zentroa». Donibane Lohizunen jadanik bada munduko Quiksilverren zentro administratiboa, eta gune hori garatu nahi izan dute ikerketak eramateko; surf mailan teknika berriak sortzeko, besteak beste. «Hori interesgarria zen auzapezarentzat, enpleguak sortuko baitzituen herrian… Eta ospea sortuko zuen. Delara axuanta bilakatu zen, eta Quicksilver Boardridersekin zuen kontaktu sare hori sartu zuen herriko etxera. Pixka bat isilpean, proiektu hori aitzinera eraman zuen». Duhart hil zen, eta Quicksilverreko nagusia ere, istripuz. «Aferak gibelatu zituen. Eta ez genuen deus entzun tokiko urbanizazio plana ikusi arte».

Etxeberri Aintziartek argi du horren gibelean, zeintzuk diren interesak: «Lehen interesa ekonomikoa izanen da, eta pribatua; Boardridersena. Ez dira batere kinka onean oraintxe, orduan, erraten dute alde egin beharko luketela bestela…». Joan den urtarrilean, 73 langile lizentziadun zituen Quiksilverrek Donibane Lohizuneko enpresan, eta, bide batez, eraikina saldu. Etxeberri Aintziartek uste du «zilegi» dela enpleguez arduratzea, baina interes ekonomikoen izenean ingurumenari kalte «izugarriak» egitea «arduragabekeria» zaio. «Astakeria». Hala, enpleguen gaiari loturik, horren egiteko partez, beste alternatiba batzuk izan daitezkeela uste du. Bestela, «desastre ekologikoa» izanen litzateke, haren hitzetan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude