Lapurdiko Surf Park proiektua gelditzeko sinadurak biltzen hasi da Herri Berri

Hainbat elkarte agertu dira Donibane Lohizunen eraiki nahi duten surf parkearen aurka. Hura gelditzeko, Herri Berrik eskaera bat plazaratu du, eta mila lagunek sinatua dute jada.

Donibane Lohizunen (Lapurdi) Surf Park proiektua jarri nahi dute abian: olatu artifizialak sortzen dituen 155 metroko igerileku bat. Hainbat elkarte agertu dira egitasmoaren aurka, horien artean Herri Berri taldea, eta proiektua gelditzeko eskaera bat plazaratu du, lau egunean mila lagunek sinatu dutena.

Parkeak 1.500 metro koadroko azalera izatea aurreikusten da, eta bertan, 25.000 metro kubikoko edukiera duen —hamar igerileku olinpikoren baliokidea— igerilekuaz gain, 100 logelako lau izarreko hotela, salmenta eremua, taberna, jatetxea, igerilekura begira dauden terrazak, garagardo denda bat eta baratze bat eraikitzeko asmoa dute.AdvertisementYou can close Ad in 5 s

Proiektua Boardriders konpainiak eta Gipuzkoako Wavegarden enpresak gauzatuko lukete, itsasotik 1,5 kilometrora dagoen eremu batean. Helburu naturalerako eta nekazaritzarako erabiltzen diren lurretan eraikitzeko asmoa dute igerilekua, eta, bertako nekazari eta abeltzainak egitasmoaren aurka agertzeaz gain, zenbait elkartek ere erakutsi dute desadostasuna. Surfrider erakundeak, esaterako, ez ditu babesten «olatu artifizialak sortzen dituen proiektuak»; izan ere, «igerileku horien eraikuntzak lur naturalak artifizial bilakatzen ditu, funtzionatzeko ur kontsumo handia dute, eta energia ugari behar dute».

Euskal Elkargoak otsailaren 22an onartu zuen proiektua, eta herriko kontseiluan Herri Berri taldea izan zen igerilekuaren aurka agertu zen bakarra. Surf parkea gelditzeko sinadura bilketa hasi zuen Herri Berrik joan den ostiralean, eta «proiektu izugarri handia, inposatua eta debaldekoa» dela salatu du. Mila lagunek izenpetu dute. Eskaeran adierazi duenez, «herriko lurretan egindako proiektua da, baina ez dena herritarrekin aipatua eta adostua izan»; gainera, «zentzurik gabeko kokapena du», itsasotik eta «surf lekuetatik 1,5 kilometrora» baitago. Proiektua «ekologikoki zentzugabekoa» dela gaineratu du. Herri Berriren ustez, lur horiek «Donibandarrentzat eta etorkizuneko belaunaldientzat ondasun bat» izan behar dute, baita «natura eremuetarako bokazio ekologikoa atxikitzeko aukera» eta «laborantza herrikoiaren eta iraunkorraren aldekoak» ere.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude